Zergatik egingo da LKaleak Egian?

Iruditu zaigu Egia inguru egokia dela LKaleak garatzeko, proiektu honek izan behar dituen bi faktore biltzen direlako han.

Alde batetik, lehen ere badira Egia kolaborazio esperientzia batzuk, pertsonen eta gizarte, hezkuntza, kultura, kirola, ekonomia eta beste alor batzuetako eragileen artekoak, denbora asko daramatenak kolaborazio harreman eta sare batzuk ehuntzen, kolektiboa ondo bizitzea jomuga dutela. Ekintza kolektibo eta komunitate giro horrek, aukera ematen digu han diren kolaborazio sareei proposatzeko jar dezatela fokua zahartzeak komunitateari planteatzen dizkion erronketan, eta, hartara, ko-sorkuntza prozesu bat garatu adineko pertsonak ekimenaren erdigunean dituena, diseinu prozesu honetako subjektu aktibotzat jarri ere.

Beste alde batetik, Egiako datu demografikoek erakusten duten errealitatea, populazioa zahartzeak dakartzan erronkei urgente ekin beharreko errealitatea da. Izan ere, pertsona zahar gehien duen auzoetako bat dugu Egia. Auzoak dituen 15.060 biztanleetatik, % 23,9k 65 urte baino gehiago du, eta % 8,9k 80 baino gehiago, eta 80 urte baino gehiagoko horietako % 33 bakarrik bizi da.

Egiako zahartze indizea, guztira, 208,7 da. Alde handia dago, ordea, emakumea edo gizona izan. Emakumeen zahartze indizea 267,1 da, eta gizonezkoena 155,1. Bien arteko aldea 112 puntu da Egian, eta 84 Donostia guztia hartuz gero.

Horregatik da egokia Egian egitea babes sistema komunitario batek izan behar lituzkeen atributuak identifikatzeko prozesua. Sistema bat, pertsonak zahartzen garenean betetzen dugun funtzio sozialari bere balio eman ez eze, komunitateari ere balio bat ematen diona, zaintze sistema bat antolatzen du eta. Era berean, aitortza, elkartasun eta elkarrekikotasun printzipioen gainean eraikitako sistema izan behar du, ondo zahartzeko prozesuei laguntzeko eta haiek babesteko aukerak emateko komunitateari, eta bizipen pertsonal horiek norberaren zahartzeari nola aurre egin ulertzeko lagungarri izateko.

LKaleak-ek sistematizatu egingo du egindako prozesua, zertan asmatu den eta zer huts egin den, eta, hartara, hemendik ateratako ikasbideak zabaltzeko eta proiektua Donostiako eta Gipuzkoako beste auzo eta toki batzuetan errepikatzeko bidea izango da.

Partekatu