Zer egin dugu orain arte?

LKaleak proiektua 2017ko urrian sortu zen, eta helburu du identifikatzea ea zer ezaugarri behar diren auzo bateko adinduenganako arreta sustatuko duten lankidetza sare eta dinamikak diseinatzeko eta antolatzeko, eta, horrela, besteak beste bakardadeari, gaixotasunari eta energia faltari aurre egiteko.

Hasteko, Egia auzoko 22 adinduri elkarrizketak egin genizkien taldeka nahiz bakarka, ahotsa emateko. Hala, auzo horretan iraganean egon diren eta gaur egun dauden zaintza harremanei buruz ikertu ahal izan genuen, jardunbide egokiak detektatzeko eta jardunbide horiei bide ematen dieten egoerak sakon aztertzeko.

Lehen elkarrizketak bukatu ondoren, aurreneko taldea sortu zen proiektuan parte hartzea erabaki zuten zazpi adindurekin (Iñaki, Mari, Mertxe, Juan Antonio, Maria Pilar, Carmen eta Margari). Taldekideek, rol aktiboagoa hartuta, auzorako lankidetza sare posible horren diseinuari buruz ikertu zuten.

Geroago, lehen lantalde horri pixkanaka batuz joan zitzaizkion egunero profesionalki edo pertsonalki adindu ahulenekin erlazionatzen diren pertsonak (anbulatorioko erizainak, zaintzaileak, farmazialariak, senideak, auzo elkarteetako kideak…). Haiekin bildu, eta auzoko laguntza harreman horien inguruan eta harremanok hobetzeko moduaren inguruan sakontzen jarraitu genuen. Galdetu genien ea adinduek zer-nolako ekarpena egiten dioten komunitateari, haien talentuei eta esperientziari balioa emateko; horrez gain, adinduenganako jokabide atseginak edo tratu onak jaso genituen agiri batean.

Orain arte egindako saioetan, interesdunak euren aukera eta erritmoen arabera joan zaizkio lantalde irekiari batzen, saio guztietara bertaratzeko konpromisorik gabe. Horrela, ekarpen berriei esker, talde sorkuntzako prozesu hau aberastu ahal izan da.

Parte hartzaileak egon ohi diren lekuetan egin ditugu bilerak, hala nola Txokoberrin (Egiako erretiratuen etxea) eta auzoko kafetegietan. Han, parte hartzaileen artean errespetuzko eta konfiantzazko giroa sortuz, estimuan oinarritutako ikuspegi batekin landu dugu informazioa, parte hartzaileek positibotzat jotzen zituzten jokabideak aintzat hartuz.

Orain, prozesua komunitate osoari zabaldu zaio (saltokiei, hainbat arlotako elkarteei, ikastolei, kiroldegiari…), orain arteko lana partekatzeko eta auzorako lankidetza sare honen diseinuaren prozesu parte hartzailearekin aurrera egiteko, Egian bizi diren edo han lan egiten duten ahalik eta agente eta pertsona interesdun gehienak inplikatuz.

Horrenbestez, orain, adinduak aintzat hartu eta zainduko dituen eta adinduek komunitateari egiten dioten ekarpenari balioa emango dion auzoa sortzera, aztertzera, imajinatzera eta amestera gonbidatzen zaituztegu, Egiako bizilagun gehiagoren ikuspegiarekin lankidetza sare horren diseinua osatuz joateko.

Partekatu