Zeinek sustatzen du LKaleak

Lkaleak Donostia Lagunkoia hiriko planak bultzatutako proiektu bat da, Donostiako Udalaren, Aptes-en (Asociación para la Promoción de la Tecnología Social) eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-Gipuzkoalab programaren babesa ere badu proiektuak, eta aukera bat dakar: egiteko modu berri batzuk probatzea komunitate ekintzako ekimenetan, bizi esperantza luzatzeak eta bizi-luzetasunaren iraultzak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko modukoak.

Proiektu honekin, Laguntza Komunitarioko Sarean hiri mailan garatutako praktika, balio eta printzipio multzoa ingurune txikiago batera, hurbiltasunekora eta eguneroko bizitzaren agertoki denera aldatuko dute hiru entitate horiek. Ekimena, Donostia Lagunkoian egindako diagnostiko eta plangintza prozesuan parte hartu zuten adinekoek hala proposatuta sortu zen, eta, sorreratik bertatik, Gizarte Diseinuaren irizpide eta tresnak hartu ditu kontuan, ezinbestekoak baitira gizartean eragina izan nahi duten hau bezalako proiektuetan.

Donostiako Udalak, alkatea eta Gizarte Ekintza buru direla, proiektua koordinatu eta hura abian jartzeko baliabideak jarriko ditu. APTESek, berriz, Gizarte Diseinuko Eskolan garatutako gailu eta tresna batzuk inplementatzeko orientabidea jarriko du; eta Deustuko Unibertsitatea, azkenik, Gizarte Lana eta Soziologia Departamentuaren bidez sartuko da proiektuan, esperientzietatik ateratako ikasbideak bildu eta sistematizatzeko, proiektua eta doktore tesia egiten ari den baten arteko lotura eginda. Emaitzak argitaratu eta komunitate zientifikoaren esku jartzeko balioko du horrek.

Gainera, Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzari esker, Emanhar Gizarte Elkartearen taldea kontratatzeko bidea izango du LKaleak-ek proiektua garatzeko; izan ere, elkarte hori izango baita, Matia Fundazioaren laguntzarekin, ko-sorkuntza prozesua bultzatu, antolatu eta dinamizatzeko egin behar diren lanak egiteko ardura izango duena.

Partekatu