Ubik

Ubik, Tabakalerako sorkuntza liburutegian, herritar orok dauka bere lekua.

Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegia zuzentzen du Arantza Mariskalek. Beti egoten da prest Arantza mota guztietako ekarpenak onartzeko, liburutegia eraldatu eta hobetzeko lagungarri gerta badaitezke, liburutegiak ez baitio herritarren eskaera eta beharretara egokitzeari utzi nahi. Oso gune berezia da, eta auzotarrak elkartzea eta sortzaile izatea ahalbidetzen duten balioak zaintzen eta babesten dute hango taldeko kideek.

________

Herri baten balioa neurtzeko herritarren bizi-kalitatea hartu behar da oinarri. Lan duinak bizi baldintza duinak ekarri behar ditu, hezkuntzari balioa emateak gizarte jakintsuagoa ekarri beharko luke, zerbitzu publiko unibertsalak edukitzeak gizakien bizi-kalitatea hobetuko du… eta honek gizatalde gisa humanoago egingo gaitu. Guzti hau gauzatu ahal izateko bi parteen arteko hitzarmen esplizitu batek funtzionatu behar du ezinbestean: bi parte hauek gizarte mugimendu eta taldeak dira batetik, eta administrazio publikoa bestetik.

Honek horrela izan behar duela sinetsi eta barneratua izanik, zentzu osoa eta ia beharra hartzen du Lkaleak ekimenak eta Ubik, Tabakalerako sorkuntza liburutegiak, elkarren arteko harremana edukitzeak; Donostiako Egia auzoan bizi diren pertsonak, parte hartzen duten elkarteak, lagun arteko harremanak eta administrazioak eskura dituen tresnak elkarrekin egunerokotasunean aritzeak, alegia.

Ubik liburutegiak badu zereginik eta zeresanik LKaleak bultzatzen duen gizakien arteko harremanak bultzatzeko proiektuarekin bat egitean. Liburutegiak, bere izaeran baditu definitu eta txertatuak ezaugarri batzuk. Horien artean bi aipatuko genituzke: Ubikek hirugarren espazio eta topaleku izan behar du, eta baita belaunaldien arteko harremana eta ezagutza transmititu eta bultzatzeko tresna ere.

Ubik liburutegia zerbitzu publikoa den mementotik, pertsona guztientzako espazio eta zerbitzua da. Ondorioz, bertan herritar guztiek izan behar dute lekua. Pertsona guztiek aukera behar dute liburutegian egoteko, besteekin harremanetan jartzeko, bakarka nahiz taldean ikasteko, erakusteko, sortzeko eta bertan gozatzeko. Pertsona guztiek daukagu eta zer ikasia eta zer erakutsia eta, hori gerta dadin, liburutegiak bere ahaleginak egin behar ditu.

Ubik hirugarren espazio gisa ulertu behar dugu, hau da, lan lekua eta etxeaz gain herritarrek haiena egingo duten espazioa izan behar du liburutegiak, bertan, gozatuko dituzten esperientziak aurkituko dituztelako.

Honengatik, liburutegian dauden edukiak eta tresnak erabiltzeko aukera guztiena da. Nola erabili jakin ez badakigu, galdetu eta ikasteko bidea jarriko da. Herritarrek ere, beraien artean, taldeak sortu eta elkarrekin gauzak egiteko bidea proposatzen da Ubiketik, solastatu edo eta filmak ikusi, liburuak irakurri, mahai jolasetan aritu…

Honela abiatu dugu Ubik liburutegia. Baina ez da honela geratuko. LKaleak bezalako ekimenei esker, talde eta norbanakoak ezagutu eta entzutea ere bada gure zeregina. Bide hori landuz, aurrera begira ere, Ubiken beste ekimen eta elkarlanak lagundu ahal izango ditugu Egia auzoko adinduekin.

LKaleak ekimenari esker Egia auzoko adinduenen berri jaso dugu, beraien eskaera eta beharrak ezagutu ere bai, eta oso garrantzitsua den zerbait: aurrera begira auzo goxo eta zentzudunago bat izateko pistak jaso ditugu.

Hemendik aurrera elkarrizketarekin aurrera egitea eta ahal dugun neurrian ekimenak martxan jartzea tokatzen zaigu guztioi. Ubikeko ateak zabalik daude, etorri eta abiatutako bidean urratsak egiten jarraituko dugu.

Arantza Mariskal

Partekatu