LKaleak

Puntu eta jarrai

Irailaren 19an, asteazkenarekin, Txokoberrin elkartu ginen LKaleak proiektuan modu batera zein bestera parte hartu dugun jende asko. Bilera hartan, hainbat hausnarketa, ideia, esperientzia, sentimendu eta ikaskuntza partekatu genituen, denak ere azken urte honetan sortuak, erkidegoak egoera ahulean diren pertsonei laguntzeko eta arreta emateko zer eginkizun duen hausnartzeko egin dugun ariketa kolektiboaren ondorioz.

Oso argi dugu hau hasi besterik ez dela egin. Partekatu ditugun gogoetek, pertsona oso desberdinek beren inplikazio eta eskuzabaltasunarekin egin dituzten ekarpenek argi erakusten dute zein den prozesu honi jarraipena emateko bidea. Eta halaxe egingo dugu.

Guztira, 70 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte elkarrizketa indibidualetan edo lansaio kolektiboetan. Maria Pilarrek joan den asteazkenean Txokoberrin elkartu ginenoi halaxe esan zigun, hunkituta, 40tik gora baikinen han bilduak: “taldea 6 pertsonarekin hasi zen eta begira zenbat gauden gaur!”.

Proiektu horren bidez, kokreazio prozesu bat egin nahi izan dugu bakardade, isolamendu, gaixotasun edo energia faltaren errealitatea bizi duten adineko pertsonak hartuta protagonistatzat. Hala, prozesu horretan, identifikatzen saiatu gara zer ezaugarrik laguntzen duten arreta eta laguntza harremanak (ber)eraikitzen eta erkidegoarekiko lotura mantentzen, batez ere adineko pertsona horiek beteta ikus ditzaten beren eguneroko bizitzan dituzten behar sozialak eta harreman premiak. Helburua aise gainditu dugu; izan ere, esan bezala, informazio asko jaso dugu, eta orain lanean ari gara hori dena sistematizatzeko eta beste auzo edo lurraldeko beste hiri batzuei pasatu ahal izateko.

Bete dugun beste helburu bat, eta ez garrantzi gutxiagokoa, elkartzeko eta hitz egiteko espazioak sortzea izan da. Horri esker, harremanak, loturak, konexioak sortu eta indartu ahal izan ditugu adineko eta ez hain adinekoen, elkarteen, auzoko profesionalen, erakundeen eta abarren artean; izan ere, denek eraiki nahi dute, elkarrekin, erkidegoan hobeto bizitzeko toki bat, elkarri agur eginez, begietara begiratuz, aukera emanez elkar ezagutzeko, gertuen dugun pertsonarekin geratu eta hitz egiteko, konfiantza sortzeko, eta hor, segur aski konexio gertagaitzak oinarritzat hartuz, une partekatuez gozatzeko.

Orain, esperientzia hori dena auzoarekin eta hiriarekin partekatzeko unea iritsi da. Hori dela eta, Egian lan egiten duten eragile askoren inplikazioari esker, urrian Egiako hainbat tokitan hainbat jarduera egingo ditugu. Espero dugu egitarau hori baliagarri izatea LKaleak zer den eta amesten dugun erkidego hori eraikitzeko loturak eta harremanak nola ehuntzen laguntzen duen hobeto ulertzeko.

Horretan dihardugu!

Partekatu