OnDoKo. Topatzea eragiten duen antzerkia eta dantza

ON DO KO antzerkia eta dantza uztartzen dituen proiektua da, Egia auzoko komunitatearekin egiten dena eta adineko pertsonen eta auzoaren arteko elkarguneak sortu nahi dituena, artearen bidez. Izan ere, prozesu artistiko parte-hartzaileak tresna garrantzitsuak izan daitezke elkartzeko, bizilagunen arteko harremanak gizatiarragoak izaten laguntzeko eta baita pertsonen eta lekuen arteko topaketarako ere.

Proiektu hau 2018ko azaroan hasi zen, asteartero-asteartero Egiako Kultur Etxean biltzen den 17 laguneko talde bikain batekin. Etxean bezala sentitzen da talde hau Egiako Kultur Etxean. Hasi ere halaxe hasten baitira saio guztiak han, etxean egoteko egiten den erritual batekin: oinetakoak kendu eta etxeko txapinak janztea.

Ia bi ordu pasatzen dituzte beren mugimenduei hitz egiten uzten. Dantzan ari diren bitartean, leihoak imajinatzen dituzte, Egiako kaleak; lekua hartu eta bizi egiten dute; emozioak komunikatzeko asmatutako hizkuntzetan hitz egiten dute; kontaktua, begirada, afektua lantzen dituzte… eta saiatzen dira antzerkiak eta dantzak ematen dien energia koktel hori eguneroko bizimodurako inspirazio iturri izaten.

Magona Saiolok zuzentzen du proiektua. Hemen dituzue haren gogoeta batzuk:

“Egia auzoko adinekoen komunitatearekin egiten dugun antzerki eta dantza lan honetan topa-guneak sortzen saiatzen gara, arteak eta pertsonek elkarrengana gerturatzeko modu onak izaten dituzten guneak. Gerturatzeko modu asko izaten ditugu: jokoa, umorea, sentsibilitatea, zentzugabekeria, kontrastea, erronka, konplizitatea, ausardia, kuriositatea, desberdintasuna eta abar.

Proiektu honek, egiatar baten oinekin ibilarazten dit Egian, nahiz eta ez naizen auzoan bizi ni. Jendeari eta tokiei emozio batzuen bidez kateatuta begiratzeko modua ematen dit, eta, batez ere, asko ikasteko modua, pertsona eta artista aldetik, pertsonen edertasunaz.

Eskerrik asko proiektu honetan parte hartzen duten pertsona guztiei eta Egiako Kultur Etxeari, astero-astero horren ondo hartzeagatik”.

 

OnDoKo teatro-danza

 

Partekatu