“L”lagunak. Gogoetan Inés Mendinuetarekin (Egiako Osasun Zentroa)

Post honetan, Inés Mendinuetak egindako gogoetetako batzuk jaso ditugu. Izan ere, LKaleak-en modu batean edo bestean parte hartu duten pertsonen ekarpenak bildu ditugu hainbat post-etan.

Nor da Inés Mendinueta?

Egiako Osasun Zentroko erizaina da. Bere lanari eta bere bezeroek dioten errespetu eta kariño handiari esker, Inesek lagundu die pertsona askori LKaleak-ekin konektatzen. Inés oso garrantzitsua izan da proiektuan. Izan ere, lehen pertsonan sentitu dugu Inések bihotza jartzen duela egiten dituen gauza guztietan. Ez da harritzekoa, hortaz, auzotarrek hain konfiantza handia izatea berarengan!

___________________

LKaleak proiektuan parte hartzeko deitu zidatenean, Egiako Osasun Zentroaren ordezkari moduan parte hartzeko alegia, ez nekien oso ondo zer nahi zuten nigandik, baina Blancak gauzak planteatzeko erabili zuen modua izugarri gustatu zitzaidan eta, horregatik edo, proiektua, gutxienez, berria, iruditu zitzaidan.

Ez gaude ohituta adinekoei espazioak eskaintzen, beren esku toki aproposak jartzen, beren kezkak eta beldurrak aditzera eman ditzaten, beren bizitza lehen nolakoa zen kontatu dezaten, gaur egun nola ikusten duten konpartitu dezaten… Azken buruan, kontua da beren ekarpenei kasu egitea, denon artean komunitate lagunkoi bat sortzearren, behar dutenean gure zaharrak zaindu eta laguntzeko bidea ematen duen komunitate bat, alegia.

Hasieran, nire egiteko nagusia jendea erakartzea zen, proiektuan parte har zezan. Jendea erakartzea  faserik zailenetakoa da, adinekoak ez daudelako ohituta, hain zuzen ere, inork entzutera beren ikuspuntuak; kontrakoa, normalean, beste pertsona batzuek gauzak erabaki eta egiten dituzte haien ordez (udal teknikariek, arkitektoek, osasun-langileek, gizarte-zerbitzuek, familiak, eta abar). Hasierako errezeloak gorabehera, taldetxo bat sortzea lortu nuen. Orain, ilusio handia egiten dit saioetan ateratako argazkietan ikustea taldekideak, denak aktiboki parte hartzen; beren arazoak, ilusioak, ametsak, e.a. kontatzen… beren bizitzako une berezi honetan, laguntza jasotzeko eta zainduak izateko beharra berandu baino lehen errealitate izango den momentu honetan. Hala hasten dira beren zaurgarritasunaren berri izaten.

Egian adineko biztanleen tasa oso altua da. Guk tratu handia izaten dugu adinekoekin, egunean-egunean, bai Osasun Zentroan bai beren etxeetan. Luze irauten duten harremanak dira (nik, adibidez, 22 urte daramatzat familia askoren erizaina izaten), eta, pertsona batzuk autonomia-maila ezin hobearekin, konpainiarekin, e.a. zahartzen badira ere, zoritxarrez, beste kasu askotan, mendekotasuna, bakardadea, isolamendua, hauskortasuna… ageri dira. Adinekoak oso pertsona zaurgarriak dira eta, nire ustez, oso garrantzitsua da ondo antolatutako zerbait izatea momentu horietan haiei eskaintzeko. Haien ikuspuntuan oinarrituta eraikitako zerbait, komunitateko agente eta erakunde guztien parte hartzearekin. Izan ere, oztopo arkitektonikoak oso garrantzitsuak diren arren, badira beste oztopo batzuk (bakardadea edo isolamendua, kasu), gainditzen zailagoak direnak.

Horregatik, LKaleak proiektua altxor bat da, nire ustez. Balio handiko diamantea, pixkana-pixkana leundu behar duguna, ahalik eta dirdirarik handiena egin dezan. Denon artean ehundutako horrelako sareen bitartez, komunitatean laguntza eta babesa izango ditugula amets egiten hasi ahal izatea da, niretzat, arrakastarik handiena.

Zorionak eta eutsi goiari!

Inés Mendinueta

Partekatu