“L”lagunak. Elkar-ekin proiektuari buruzko gogoeta, Mertxe, David, Iñaki eta Milarekin

Mertxe Tabakalerako Bitartekaritza ataleko hezitzailea da, eta David, Iñaki eta Mila, berriz, Berriztu elkartekoak.  Haiek osatu dute, Blanca eta Xenkirekin batera, Elkar-ekin proiektuko talde eragilea. Honen bidez, Tabakalerako Bitartekaritza atalak, LKaleak proiektuak eta Berriztu elkarteak belaunaldien arteko esperientzia sustatu dute Egiako gazteen eta adinekoen artean. Lan egiteko “aitzakia” hauxe izan da: jantzi edo osagarri bat sortzea, edonori, adina edozein duela ere, gustatzeko modukoa. Horretarako, hainbat diseinu egin dituzte elkarrekin, eta horren emaitza poltsa pertsonalizatu bat izan da, bildutako ideiekin egina. Ondoko testu honetan, Mertxe, David, Iñaki eta Milak lehen pertsonan kontatu digute proiektua nola bizi izan duten. 

_____________________________

– Gustatzen zaizu gaztanbera? (Kontxi, 88 urte)

Zer? (Jon, 16 urte)

Elkar-ekin proiektua. Horren bidez, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek, 76 eta 88 urte bitarteko auzotarrekin batera, jarduera artistikoekin zerikusia duen lantegi bat egin dute.

Duela aste batzuk egin genuen Elkar-ekin proiektuaren azken saioa Tabakalerako Bitartekaritza taldeak, Berriztu elkarteak eta LKaleak proiektuak. Ekar dezagun gogora esperientzia hori, eta konekta dezagun proiektuak sortutako energiarekin.

Lehen-lehenik, momentu txikiak eta anekdotak datozkigu burura, kronologikoki ordenatu gabeak: Berriztuko gazte baten eta Mariaren arteko besarkada, saiorik teorikoenetan aspertuta zeuden adingabe batzuek erakutsitako egonarria, Pilarrek eta gutako batek Eric-i egindako adarjotzea, prozesuan sortu diren begiradak, agur besarkadak eta musuak, saio bakoitzaren aurreko tentsioa eta prestatze unea, eta abar.

Lerro hauen izenburu gisa jarritako elkarrizketa anekdota batetik hartu dugu. Iñakik dinamizatutako jardueran gertatu zen anekdota hori, bi taldeen lehen topaketan. Pertsona bakoitzak paper batean zeuzkan idatzita ezagutzen ez zituen parte hartzaileei egin beharreko galderak. Galdera horietako bat zen “Gustatzen zaizu gaztanbera?”. Kontxik gaztanbera ez eta regetoi ulertu zuen, eta Unaik ez zekien gaztanbera zer den. Lantzen ari ginen errealitatearen adibide txiki bat da hori. Nerabeak eta 80 urte inguruko pertsonak, elkarrekin diseinatzen nork bere bizkar zorroan jarri behar zuen transferaren testua eta grafikoa.

“Juntxs”, “beti elkarrekin” (arabieraz idatzia), “zaintza”, “nork zaintzen du nor?”, “0-99”… Testu horiek jarri zizkioten, esaterako, parte hartzaile batzuen besarkadaren siluetari, Dragon Balleko bi gerlariri eta Jonen txakurrari. Horrela eman zioten forma sei lansaioetan landutakoari.

Saio horietan, elkar ezagutza, errespetua eta magia uneak izan dira, inork hasieran halakorik espero ez bazuen ere. Betiere infusioz, gailetaz, Coca-Colaz, kakahuetez eta musikaz lagunduta.

Lantegi hori auzoan belaunaldien arteko harremanak lantzeko proposamen bat baizik ez da izan. Parte hartu dugun hiru eragileok –Berriztu (zerbitzuak ingurune irekian ematen dituen hezkuntza elkartea), LKaleak-Donostia Lagunkoia eta Tabakalerako Bitartekaritza atala– bagenuen interesa auzoan belaunaldien arteko harremanak sustatzeko espazioak sortzeko, eta interes horrexekin izan du zerikusia proiektuaren helburu nagusiak.

Apirilaren 4an elkartu ginen, azkenekoz, talde eragileko kideak, esperientzia baloratzeko. Balorazio horretan, proiektuaren hasieran jarritako helburuaz harago zeuden alderdiak aipatu genituen. Besteak beste, bereziki azpimarratu genuen zer konfiantzarekin lan egin dugun, eta baita proiektuak nola eraldatu gaituen eta nola eragin digun ere, eta ez soilik hezitzaile edo dinamizatzaile gisa.

Mertxe, David, Iñaki eta Mila

* Berriztuko gazteen izenak asmatuak dira

Partekatu