Lehen bilera auzoko agenteekin

Joan den maiatzaren 9an, Txokoberri erretiratuen etxean, LKaleak prozesuko lehen bilera egin genuen, Egiako bizitza komunitarioaren hainbat arlotan lan egiten duten eta erreferente diren pertsona, agente eta erakundeei irekia.

Deialdi zabal horren bidez, berriro ere harremanetan jarri gara hasieratik LKaleak-en berri zuten agenteekin eta proiektuaren berririk ez zuten beste batzuekin. Haiekin guztiekin hizketan aritu gara, hil hauetan egin ditugun lanak azaltzeko, gure lanaren inguruan zer iritzi duten jakiteko, eta talde sorkuntzako prozesuan parte hartzera gonbidatzeko. Prozesu horren bitartez, hain zuzen, laguntza edo zaintzak behar dituzten adinduenganako arreta sustatuko duen lankidetza sare potentzial bat diseinatzen ari gara.

Bilera horren helburu nagusia zen hausnartzeko eta hitz egiteko espazio bat sortzea, orain arteko lana azaltzeko, lehen emaitzak kontrastatzeko, emaitzak aberasteko eta kontu horiek Egian lehendik dauden lankidetza sare eta dinamikekin nola konektatzen diren aztertzeko, etorkizunean konexio horiei bide emango dien testuinguru bat sortze aldera. Auzoko hainbat elkarte eta erakundetako 30 lagun etorri ziren bilerara.

LKaleak taldeko Iñaki, Margari, Josu, Carmen, Mª Pilar eta Juani izan ziren anfitrioiak (Mertxe, Mari, Juan Antonio eta Conchi ezin izan ziren etorri), eta gogoetan eta hizketan aritu ziren Egia Bizirik-eko Carmen, Carlos, Paloma eta Andrésekin, Aitor Ikastolako eta Maria Reina Ikastetxeko “Ongi Etorri Eskolara” proiektuko Lolarekin, Begoña Donostiako Jubilatuen etxeentzako Laguntza Teknikorako Zerbitzua, Kultur Etxeko Nandorekin, Plus 55eko Maríarekin, Osasunaren Pastoraleko Iñaxi eta Mariangelesekin, Caritaseko Jokinekin, Sos Arrazakeriako Peiorekin, Gizarte Zerbitzuen Zentroko Irune eta Mirenekin, Ubik Tabakalerako sorkuntza liburutegiko Arantzarekin, Afagiko Marisarekin, Adinkideko Leyrerekin, Txokoberri eta Egiatarra erretiratuen elkartekoekin eta proposamenean interesa duten Amaia, Pilar, Mª Carmen, Tere eta Josean auzotarrekin.

Sei mahai osatu ziren saioan, auzoan lehendik dauden lankidetza sareez hitz egiteko eta adinduekin zer-nolako lotura duten ikusteko. Hala, aztertu genuen LKaleak-en parte hartu duten adinduen ustez eta haiengandik gertuen dauden sareen ustez ea zein jarrera eta jokabide diren garrantzitsuenak adinduen bizi kalitatea hobetzeko, eta ea auzoko sareek nola jarduten duten adinduekiko eguneroko harremanetan eta euren lankidetza dinamiketan.

Partekatu genituen gogoetei esker, errazago identifikatu ahal izango dugu ea zer elementu hartu behar dugun kontuan elkarrenganako zaintza bultzatuko duten eta adinduek auzoari egiten dioten ekarpenari balioa emango dien lankidetza sareak diseinatzeko orduan.

Partekatu