Nando

“L” lagunak. Gogoeta Nando Piñeirorekin (Egiako kultur etxeko zuzendaria)

Artikulu hau LKaleak ekimenean modu batera zein bestera parte hartu duten pertsonek egindako gogoetetako bat da.

Nor da Nando Piñeiro?

Nando Piñeiro Egiako kultur etxeko arduraduna da. Pertsona zintzo eta irekia da, eta halaxe hartu du parte LKaleak proiektuko hainbat saiotan, hala nola kokreazioari buruzkoan, auzoko eragile eta pertsonekin, bai eta modu banakakoan ere, proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko elkarrizketetan. 

____

Proiektu honetan parte hartzera gonbidatu nindutenean, ez nekien ondo zertan zetzan kontua. Hitzordua Egiako Txokoberrin izan zen, eta esan beharra dut iritsi nintzenetik sentitu nintzela oso eroso. Talde horrek hainbat topaketa eginak zituen ordurako, eta ni guztiz integratua sentitu nintzen hasieratik.  Beren gogoetak azaldu nahi zituzten, eta azaldu ere, oso modu eskuzabalean azaldu zituzten.

Gauzak partekatzeko, kontatzeko eta entzuteko gogotsu zegoen talde bat aurkitu nuen; hala, denik eta irribarrerik handienarekin eta hurbiltasun zoragarri batekin ireki ziguten beren txokoa. Ezusteko handi bat izan zen haien gogoeten berri izatea, eta, batez ere, konturatzea ordura arte ez nekiela, ez zer sentimendu dituzten, ez zer behar dituzten, egunero kalean edo kultur etxeko liburutegian ikusten ditudan pertsona horiek. Laztan bat, irribarre bat egitea nahiko lukete haiekin kalean edo fruta dendan topo egitean. Horrez gain, adierazi zuten etxebizitzak ez daudela pentsatuta erkidegoan bizitzeko, auzoak izugarri aldatu direla, eta haiei, batzuetan, zail egiten zaiela. Topaketa horretako hurbiltasuna gorabehera, sentitu nuen urrun samar nengoela haien egunerokoa den egoera horretatik.

Arratsalde polita izan zen, eta autobusez itzuli nintzen etxera, buruan ixtorio mordo bat eta sentsazio polit bat nuela. Gainera, oso ondo sentitu nintzen jakinda talde hori oso lan ildo interesgarria eta beharrezkoa ari zela urratzen Egian.

Kultur etxeak hor egon behar du. Haiek gogo handia dute, eta ziur nago aurki ditzakegula espazioak. Ingurune lagunkoi bat sortzeaz aritu ziren. Itxura ona du horrek.

Handik egun batzuetara, Carmen ikusi nuen, nirekin batera gogoeta talde batean egondakoa bera ere, eta hark esan zidan elkarrekin ageri ginela webgunean jarri zuten argazki batean. Pozik zegoen.

-Bidaliko dizut?

-Ikusi dut, eskerrik asko.

Irribarre egin zuen. Irribarre egin nuen.

Nando.

Partekatu