“L” lagunak. Gogoeta Gorka Elizalderekin

Gorka Hezkuntza eta Gizarte Laneko azken urtea amaitzen ari da Deustuko Unibertsitatean. Azken bederatzi hilabeteetanLKaleak proiektuan egin ditu praktikak, unibertsitateko ezagutza teorikoak auzolanean oinarritutako Egiako testuinguruan martxan jartzen. Ez dugu aukera galdu nahi izan bere esperientziaz galdetzeko.

______

Gorka dut izena, 22 urte ditut eta Gizarte Lana eta Gizarte Hezkuntza ikasten ari naiz Deustuko Unibertsitatean, Donostian.

Aurten, Egian egiten ari diren Lkaleak komunitate proiektuan egin dituk praktikak. Bizipen handi bat izan da niretzat. Izan ere, ikusi ahal izan dut komunitateak zenbateko garrantzia duen hura osatzen dugun pertsonen bizitzan. Bizi, Errotaburun bizi naiz ni. Auzo txikia da, eta iruditzen zait han bizi garenok garrantzia handia ematen diogula gauza txiki batzuk zaintzeari: gure komunitatean aintzakotzat hartzen gaituztela, babestuta gaudela edo komunitatearen barruan garrantzitsuak garela sentitzeko moduko gauzak zaintzeari. Egian, berriz, auzoan bizi eta/edo lan egiten duten pertsonak ezagutu ditut; eta ikusi dut batak bestea nola zaintzen duen, pertsona askorentzat oharkabean pasatuko liratekeen keinuen bidez. Errespetua, begirunea, zaintza eta baita maitasuna ere erakusten dute keinu horiek; eta inportante izatea sentiarazten diete jasotzen dituztenei eta ematen dituztenei ere. Leku eta une batzuetan bilatu bai baina geratu egiten ez diren keinuak dira. Ez da asko kostatzen egitea, nahiz eta batzuetan ematen duen ahalegin bat egiten ari zarela inguruko pertsonak zaintzeko, zeure burua zaintzeko. Eta gutxi kostatzen da, orobat, keinu horiek ukatu eta pertsonen arteko harremanak ez zaintzea ere; harremanak zaintzea oso garrantzitsua izan badaiteke ere, batez ere ahul, kasurik egiten ez digutela edo hauskor sentitzen garen garaian. Askotan, beste pertsonarekin batere zerikusirik ez dugula pentsatuta ere ukatzen ditugu keinuok; konturatu gabe haien egoeraren eta gurearen artean gauza desberdinak baino berdinak gehiago ditugula.

Alde horretatik, ikusi dut bizitzaz betetako auzoa dela Egia; bata bestea zaintzen duen pertsona asko bizi, lan egin eta/edo ibiltzen den auzoa. Bizitza eta komunitate-sentimendu handiko auzoa da. Komunitate-sentimendu bat, gainera, zera dakarrena: lehen esan dizuedan keinu txiki horien atzean dagoen jarrera hori gizartea aldatzeko edo, akaso, aldatzeari kontra egiteko tresna nagusia izatea. Edo, nagusia ez bada ere, pertsonok daukagun tresnarik baliotsuena bai, behintzat, gure inguruaz, komunitateaz edo gizarteaz erabakitzeko. Donostiako beste auzo batzuk bezala, auzo “zahartua” da, eta gehiago zahartzen ari dena.

Lkaleak, haiek osatzen dituzten pertsonak beraiek dira. Denek dituzten egoerei aurre egiteko elkartzen diren pertsonak elkartzearen kausa edo ondorioa. Ahalduntze adibide bat, elkartzen garenean zenbateko ahalmena dugun erakusten diguna.

Partekatu