“L” lagunak. Gogoeta Egia Bizirik-ekin

Artikulu hau modu batera zein bestera LKaleak ekimenean parte hartu duten pertsonek egindako gogoetetako bat da.

Zer da Egia Bizirik?

Egia Bizirik! bizilagun-elkartea urte asko daramatza auzoaren alde era konprometituan lan egiten, inguruko eragile nagusiekin harremana mantenduz eta auzoaren eraldaketaren parte aktibo izaten. Elkartearen eta batik bat Carmenen eskutik jasotako ekarpenak oso baliotsuak izan zaizkigu Lkaleak prozesuan zehar!

_____________

LKaleak proiektua 2017an jarri zen martxan Donostia Lagunkoiak bultzatuta, beste elkarteren eta erakunde batzuen laguntzarekin.

Proiektu hau Egian garatu da eta sare moduko lana proposatu da hasiera batetik; hau da, ez zaie bakarrik zuzentzen adin nagusiko pertsonei, baizik eta komunitateko beste zenbait pertsona eta eragile inplikatu nahi izan ditu.

Hiri atseginago adinekoentzat lortzea du helburu.

Lehendabiziko fasea bukatu eta Egia Bizirik elkarteari ebaluazioa eskatu zaio. Hau da esan dezakegun apurra:

  • Proiektu honetan gure elkarteko kide bakar batek hartu du parte prozesu osoan. Besteren batzuk saio solteren batean egon dira. Hori dela eta, gure balorazioa partziala da  eta, aldi berean, indefinitua, izan ere, elkarteak ez ditu azken momentu arte Lkaleak proiektuaren egitasmoak bere osotasunean ezagutu.
  • Parte hartu dugun saioetan harritu gaitu bertan erabili den metodologiak (talde dinamikak). Eragileen eta pertsonen arteko partaidetza bermatzeko eraginkorra, dudarik gabe. Baina, aldi beran, zaila informazio esanguratsua behar bezala helarazteko eta emaitzak neurtzeko. Zentzu honetan, gehiago harritu gaitu aipatutako metodologia hau izateak erabili den bakarra saio guztietan.

Adinekoen alde lan egitea oso gauza positiboa dela ezin da ukatu. Eta, arlo honetan, egiten diren saiakerak ongi etorriak izan behar dira. Baina, hori esanda, orain arte lortutako emaitzak zeintzuk izan diren jakitea gustatuko litzaiguke. Hau da, eta zuen hitzak erabiliz:

  • Noraino lortu duzuen komunitatea aktibatzea gai honen inguruan?
  • Noraino identifikatzen ari dira adin nagusiko pertsonek beren ingurune hurbilarekin lotura izateko ahalbidetzen diren ezaugarriak?

Azkenik,  proiektu hau hasi berria dela eta jarraipena behar duela izan jakinda, ebaluazioaren indikadoreak zehaztea (kualitatiboak edo kuantitatiboak) ezinbestekoa iruditzen zaigu prozesua sistematizatzeko eta proiektua errepikagarria bilakatzeko.

Egia Bizirik

Partekatu