“L” lagunak. Gogoeta Begoña Callejarekin (Donostiako erretiratuen etxeetako udal teknikaria)

Artikulu hau modu batera zein bestera LKaleak ekimenean parte hartu duten pertsonek egindako gogoetetako bat da.

Nor da Begoña Calleja?

Begoña Calleja Donostiako erretiratuen elkarteentzako udaleko laguntza teknikoko zerbitzuko teknikaria da. Gorputz eta arima aritzen da bere lanean, eta adineko pertsonekin igarotzen duen segundo bakoitzaz gozatzen du. Berezko konektorea da; segituan abiarazten ditu sareak, babesa eman dezaketen edo jasotzeko beharra izan dezaketen pertsonak konektatzeko. Horrez gain, pertsona horiek indartzea helburu duten proiektuetan parte hartzea bultzatzen die, bai beraiei, bai beraiek partaide diren elkarteei.

______________

Proiektuan ikusi duzuna eta izan duzun parte hartzea kontuan izanda, zer ekarpen egin dizkizu zuri eta zer ekarpen adineko pertsonei?

LKaleakek nire inguruan gertatzen denari begirada aktiboagoz begiratzera bultzatu nau adineko pertsonekin ditudan harremanei dagokienez, bai maila pertsonalean bai profesionalean. Begirada horrek elkarreraginera narama, ekintza horiek adineko pertsonen egunerokotasuna erraztu dezaketela konturatzera, eta nahi gabe, horixe bera bihurtzen da nire ongizate pertsonalaren iturri.

 Auzoa gure garuna izango balitz bezala irudikatzen dut; eta osatzen duten neuronak auzoa osatzen duten eragile eta pertsonak izan daitezke, eta hala badira, beren funtzioa eta/edo balioa dute, baina elkarren arteko interkonexiorik gabe, garun-auzo horrek ez du ongi funtzionatzen, isolatuz joango litzateke, are desagertu arte. Konektatutako auzo batek sinergiak sortzen ditu, eta hura osatzen duten pertsonek haren parte direla sentitzea eragiten du.

 Egian Txokoberrirekin gertatzen ari denak eragin al du aldaketarik erretiratuen etxeen eredu berriak sortzeko prozesuan? Zure ustez, egin al du ekarpenik LKaleakek eraldaketa horretan?

 Noski. Txokoberrik bere komunitate txiki bezain handia sortu du; pertsona guztiak izenez ezagutzen dira, elkar agurtzen dute eta elkarri harrera egiten diote. Etxeko bigarren egongela modukoa da, guztiok eroso eta lagunartean sentitzen gara han; deskribatzen zaila den baina oso atsegin dugun giza berotasuna ematen du, giza harremanak errazten dituen ingurunea da.

 LKaleaken bidez, asoziazionismo modu berri hori indartu da, toki hori eta toki hartaz gozatzeko modu hori ezagutzen ez zuten adineko pertsonen parte hartzea handituta.

LKaleakek Egia auzoko hainbat eragile elkarrengana hurbildu ditu, adineko pertsonen eskaerak kontuan hartu ditu, parte hartzaileoi dinamika ireki eta parte hartzaileekin lagundu digu, eta pertsonen bizitzen historiak duen garrantziaz eta aberastasunaz jakitunago izan eta portatu gaitezen lortu du. Pertsona zenbat eta helduagoa den, aberastasuna orduan eta handiagoa da, eta batez ere, keinu txikiek (irribarre bat, agur bat, esaldi pare bat eskaileretan…) auzoko adineko pertsonentzat esanahi handia dutela ikusarazi, pentsarazi eta konturarazi digu, ematen baitu abiadura handiko mundu honetan ahaztu egin zaigula.

Partekatu