Encuentro Fundación Cristina Enea

“L” lagunak. Gogoeta batzuk Eneko Calvorekin (Cristina Enea Fundazioa)

Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduraduna da, eta Egiako Erlauntza lantaldeko partaidea ere bai. LKaleak proiektua ezagutu zuenean, parte hartzeko interes handia erakutsi zuen, eta, hala, haien erakusketa batera bisita-tailer bat egitera joatea eskaini zuen. Gaur, topaketa hura nola bizi izan zuen azaltzeko hitz batzuk jarri dizkigu.

___

Han zetozen, tipi-tapa, tipi-tapa, pausu motel baina seguruan, Cristina Enea Fundazioaren Zootekako erakusketan ikusgai zeuden eskulturak deskubritu behar zituzten pertsonak, Miquel Apariciren eskulturak. Kanpoan itxaron nien, ongietorria emateko. Nik bitan banatutako talde bat espero nuen: adinekoak eta gazteak. Baina, kia! Denak batera zetozen, zaharrak eta gazteak, elkarri besotik helduta, kontu-kontari berriketan.

Izan ere, udarako prestatua zuen erakusketa bat elkarrekin bisitatzea eskaini zien Cristina Enea Fundazioak LKaleak eta Berriztu elkarteei. Errekuperatu eta birziklatutako piezekin osatutako animalien erakusketa zen (gorila bat, errinozero bat, txoriak, arrainak eta intsekturen bat edo beste). Bisita zoragarri joan zen. Bisitari bakoitzaren begiak aurretik izandako esperientziek baldintzatuta zetozen. Esperientzia batzuk besteak baino zabalagoak, batzuk besteak baino denbora luzeagokoak, baina oso interesgarriak denak ala denak ere. Esaten ari garen erakusketa horrek duen gauza on bat da berehala sortzen duela elkarrizketa. Hala, adineko pertsonek berehala ezagutu zituzten gaur egun erabiltzen ez diren pieza batzuk, eta barregarria izan zen gazteek zer aurpegi jartzen zuten ikustea pieza haiei buruzko kontuak entzuten zituztenean.

Erakusketaren baitan zen lantegian intsektu bat sortzeko erronka izan zen, ordea, dibertigarriena. Gazteen eta adinekoen artean osatutako taldeak ziren, eta ikusgarria zen nola konbinatzen zen batzuen irudimen izugarria beste batzuen xehetasunarekin eta kuidadoarekin. Eginkizun aberasgarria izan zen bi aldeentzat ere.

Cristina Enea Fundazioak ingurumenaren dibulgazioaren eta sentsibilizazioaren inguruan lan egiten du, eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza uztartu nahian. Maila guztietako eragileen, erakundeen eta pertsonen arteko harreman-loturak ehuntzea da gure helburuetako bat, eta, beraz, belaunaldien arteko esperientziak —hauxe bera, konparazio baterako—, bat datoz pertsona guztien artean helburu komunen alde lan egiteko moduaz daukagun ikuspegiarekin. Eta oraindik eta gehiago kolektibo horiek Cristina Enea parketik gertuen dagoen ingurukoak izanez gero, Egiako biztanleen bizimoduaren lekuko izan diren kolektiboak. Hori dela eta, Cristina Enea Fundazioak nola ez zituen bada gure bizilagunak hartu eta topagune gisa erabiltzeko leku bat eskainiko? Azken finean, Mandasko Dukeak berak ere idatzita utzi zuen parke honetarako nahi zuena: izan dadila “… paseatzeko eta lasai egoteko toki bat donostiarrentzat…”. Donostiar guztientzat.

Partekatu