Kalez kale, CWADonostiarekin

Joan den asteartean, uztailak 3, triziklozko irteera aberasgarri batez gozatu genuen, CWADonostiaren eskutik. Irabazi asmorik gabeko elkarte horren asmoa adinekoen, mendetasunak dituzten pertsonen edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea trizikloz paseatuz hobetzea da. Paseoei esker, pertsona horiek hiria berriz deskubritu dezakete, eta bitartean, beraien alboan pedalei eragiten dieten boluntarioek konpainia egin eta entzuten dietela sentitzen dute. 

Kasu honetan, CWADonostiak bost triziklo eta beste hainbeste boluntario utzi zizkigun, Juani, Iñaki, Maria Pilar, Mari, Merche, Carmen eta Isabelekin batera arratsalde zoragarri bat izateko.

Arratsaldeko bostak jota hasi ginen paseatzen, Urumea ibaian. Burdinazko zubira iristen ari ginela, jarduerari zentzua ematen zioten lehenengo iruzkinak egin zituzten: «Aspaldian ez naiz hemendik igaro!». Horixe zen paseoaren helburuetako bat, hain zuzen: egunerokoan joaten ez diren tokietara itzultzea. Aurrerago, bidaiariz jositako tren turistiko baten erritmoan eragin genien pedalei. Bidaiari guztiak agurtuta, Paseo Berrira iritsi ginen. Ondoren, kostaldearen ertzean genbiltzala, donostiarrek konplizitatez agurtu gintuzten, baita inbidia pixka batekin ere. Gure adinekoak topatzen genituen oinezkoekin (eta lagun batzuekin) elkarrekintzan ikustea izugarri gustatu zitzaigun!

Kontxan, Frantzia pasealekuan… paseatuz kilometro batzuk egin ondoren (Kontxan geldialdi zoragarri bat egin genuen), Tabakalerara iritsi eta han paseoa amaitutzat eman genuen, mokadu batekin, barreen eta ibilbideari buruzko iruzkinen artean. Zalantzarik gabe, oso arratsalde berezia izan zen gazteentzat eta adinekoentzat. 

Iñigo Munilla

Partekatu