Irene Sotelok “Neure buruarekin kontatzen dut” lantegia aurkezten digu:

Irene Sotelo LKaleak bultzatutako “Neure buruarekin kontatzen dut” lantegiaren dinamizatzailea da. Pedagogoa eta ipuin-kontalaria ere bada. Juneren Hegoak elkartean lantzen den arloetako bat, familiena, koordinatzen du eta, bestalde, haur taldeak dinamizatzen ditu, irakurzaletasuna sustatzeko, Errenteriako Liburutegian. Pertsonek, txikienetatik zaharrenetaraino, kontatzen dituzten istorioez elikatzen dela dio, eta, beste gauza askoren artean, izugarri gozatzen du galtzeko zorian dagoena berreskuratzen ahaleginduz. Hau da Irenek “Neure buruarekin kontatzen dut” lantegiaz egiten duen balantzea.

______

“Neure buruarekin kontatzen dut” proiektua aurtengo otsailean jarri zen martxan, desagertzear dagoena berreskuratzeko asmoarekin: ahozko tradizioa, ipuin-kontaketa, istorioak.

Eta  zein Txokoberriko adinekoak baino protagonista hoberik berreskuratze-ariketa horretan parte hartzeko; izan ere, haiek dira horrelako altxorrak zaindu dituztenak. Proiektuari “Neure buruarekin kontatzen dut” jarri zitzaion izen; izan ere, zurekin kontatzeko, lehendabizi neure buruarekin kontatu behar dut, neure burua kontuan hartu, zaindu, baloratu, gero, nire berezitasunarekin eta nire egia osoarekin, neure burua eskaini ahal izateko. Entzunez eta kontatuz, hazi egiten gara, eta geure burua ezagutzen dugu, bai eta besteak ere.

Dagoeneko 20 saio egin ditugu: 30 orduz egon gara elkarrekin, 7/8 lagunek osatutako talde egonkor honetan (4 gizon eta 4 emakume). Batez beste, 80 urte dituzte.

Saio bakoitzari hasiera emateko, gai batzuk jartzen genituen mahai gainean; askotarikoak izan dira: gainditze-istorioak, sorlekua, familia, maitasunak, gozamena, haur-jolasak, animaliak…

Sei hilabete hauetan, hainbat istorio ageri izan dira, sakontasunetatik atereak: Gerra Zibilean Huescako Pirinioetako leizeetara egindako ihesaldiak, mirabetza-istorioak, herriko festak, dantza debekatuak, esker oneko jotak, lagun izandako animaliak…

Gaur egun abandonatuta dauden herriei buruzko istorioak ere badaude −aipatzen ditugunean ahanzturatik ateratzen dira−, ikasle bakoitzak berogailuan berotu ahal izateko bere egurra eramaten zuen eskoleii buruzkoak, abarkak-eta egiteko erabiltzen ziren labanei buruzkoak, etxean gosaltzera sartzen diren txolarreei buruzkoak, 8 egun irauten zuen ogi egosi berriari buruzkoak, pianoa jotzen zuten katuei buruzkoak…

Pedrok gogora ekarri zuen “La flor de regalá” tradiziozko ipuina, amak goxo-goxo kontatzen ziona, amonak, bere aldetik, Pedroren amari kontatzen ziolako… Egun batean, Consuelok “La gallarda” errezitatu zigun, oso txikia zenean amonak kontatzen zion erromantzea.

Antoniok bera  jaio zen Sercué izeneko herriko istorio asko kontatu zizkigun: mendian bizi zirela, azeri bat harrapatzera jolasten zirela, amildegi baten gainean zintzilik zegoen arte batean kulunkatzen zirela… Julia asko hunkitu zen “Mantaren erdia” ipuina kontatuz. Ipuin horretan, gizon batek etxetik botatzen du bere aita zaharra eta seme txikienari esaten dio manta bat emateko. Semeak erantzuten dio mantaren erdia emango diola, berak, handitzen denean, bere aitari egiteko aitak bere aitari egin dion gauza bera.

“Zikoina eta azeri emea” ipuina ere gogora ekarri zuen, eta esan zuen bere etxeko sukaldean bi animalia horiek irudikatzen zituen marrazki bat zegoela. Rosak aberatsen etxe batean lan egiten zueneko garaiko pasadizoak kontatu zizkigun. Eta Adelak bere haurtzaroaz hitz egin zigun, eta bere amona barkaberaz: tranpadura irekitzen zion nahi zuena jan zezan.

Anttonek haurtzaroko oroitzapenak oparitu zizkigun: Errenteriako jaietan, afaldu ondoren, familia Maite tabernako terrazan biltzen zelakoa, su artifizialak ikustera, eta, kanpoan zegoela, zenbat hunkitzen zuen “Mendeurrena” entzuteak (hango festetako himnoa).

“Neure buruarekin kontatzen dut” topaketa hauetan, kantatu ere egin dugu; izan ere, kantatzen duenak kontatu egiten du. Egun batean, Pedrok orri tolestu batzuk ekarri zizkigun, eta haien azalean pertsona heldu batzuk ageri ziren, Benidormen, kantatzen. Esan zigunez, kantutegi bat zen, bere emazte zenak gorde zuena, eta berak ere, bere altxorrik handiena balitz bezala gordetzen zuela. Hurrengo ostiralean, kantutegia fotokopiatu genuen, eta han mariatxiekin hasi eta boleroekin bukatu arte kantuz aritu ginen, esaera zaharrak dioen bezala: “Kantuz nahigabeak ahaztu”.

Konturatu ginen kantek batu egiten gaituztela, elkarri lotu, eta denok soinu berean kantatu genuen, kantatzea den mirariaz eta kantek afektibitatearekin duten lotura estuaz gozatuz.

Topaketa hauen bidez, ipuinak biziberritzen ditugu; herri despopulatuak balira bezala, berriro populatzen ditugu, haien izenak aipatuz, haien existentzia ospatuz. “Neure buruarekin kontatzen dut” lantegian, istorioak ehuntzen ditugu, gaur egun garenari zentzua ematen dioten pasarteak eta paisaiak gogoratuz, geure burua aurkituz eta bestea ere aurkituz, eta komunikazio-loturak ezarriz, garrantzizkoa eta, azken batean, elkarri lotzen gaituena balorarazten diguten loturak.

Eskerrik asko, Txokoberri, ateak zabaldu eta hain eskuzabal hartzeagatik. Gogo handia dut aurrera jarraitzeko, eta denon artean proiektu hau eraikitzen jarraitzeko, hasi dugun bidaia honetaz gozatuz.

Errenteriatik Sercuéra
Ollaresetik Buimancora
Tutera eta Tolosa ez dira falta
Mañueta.

Tropa hau jaiotzeko aukeratutako lekuak
jende atsegin eta adeitsuez
eta istorioz betetakoez osatutako tropa

Barre-negarrak platerean
mahaian dastatu ditugu
bai eta ustekaberen bat ere
unea gozatu duena

Eta… badakizue?
Konturatu naiz
zuei entzuten
zuen begi distiratsuak ikusten
gazteak zaretela, haurrak
zuen bizitzak partekatuz
oihal-zatiez betetako bizitzak
ondo zorroztutako labanez
txolarre, azeri, eperrez
eta kanario kantariez betetakoak

Abestiak kantatuz
ahots bakarra izan gara
kantu dotore horien soinuan
gozatu eta dantzan egiten duena.

Eskerrik asko, ANTONIO! Eskerrik asko, JULIA!
Mila esker, ROSA!
ANTTON, PEDRO, CONSUELO
Esker aunitz, ADELA!
Bakoitza zuen presentziarekin
poza ekarri duzue toki honetara
Mila esker oparitu diguzuen istorio bakoitzarengatik!

Partekatu