Bidelagunak: Deustuko Unibertsitatea

LKaleak Lagunkoia planak sustatutako proiektu bat da, eta hainbat erakunderen babesa jaso du, horietan aritzen diren aparteko pertsonei esker. Gaurkoan, Deustuko Unibertsitateko ikerlariak diren Martin Zuñigaren eta Felix Arrietaren testu bat dakarkizuegu.

__________________

LKaleak, ikerketa-ekintza esperientzia

LKaleak esperimentu gisa imajinatu behar dugu. Berekin prozesu konplexu ugari dakartzan esperimentu zientifiko gisa. Baina, gure imajinarioan izatera ohituta gaudenaz bestela, esperimentu hau ez dute egin bata zuridun, ile nahasidun eta babes-betaurrekodun pertsona batzuek. Eta ez da egin laborategian ere. Esperimentu hau Egian egin da, eta pertsona askok hartu dute parte, nork bere eginkizuna izan duela (eztandaren bat edo beste gertatzeko arriskua hor zela beti).

Pertsona horietako batzuk Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak gara. Zalantzarik ez dago LKaleak proiektuak, izaera esperimentala eta eskala txikia izan arren, eragin handia izan dezakeela inguruan. Baina, gizartean izan dezakeen eraginaz gain, LKaleak aukera paregabea da esperientziatik ikasteko, arlo horretan interesa duten beste pertsona edo erakunde batzuekin partekatzeko ikasitako hori; horrek modua emango du zaintza sistemak hobetzeko, bai eta adinekoen nahiz gizarte osoaren bizi kalitatea hobetzeko ere.

Proiektuaren alderdi horretan sartzen da jokoan Deustuko Unibertsitatea. Gure eginkizuna elkarri estuki lotuta dauden bi lan hauek egitean datza: lehenik, sistematizatzea, hau da, informazioa jasotzea; eta bigarrenik, ezagutza sortzea, sistematizazio fasean lortutako informazioa aztertuz eta haren abstrakzioa eginez.

Unibertsitatean, informazioa biltzeko eta aztertzeko tekniken gainean dugun ezagutza eta trebetasuna eskaintzen dugu, baina proiektuan lan egin eta parte hartu duten pertsona horiek denak izan dira ezagutza sortu dutenak.  Bestela esanda: Unibertsitateko ikertzaileok halako proiektu batetik sortzen den informazio baliagarri hori dena biltzeaz eta antolatzeaz arduratzen gara.

Nabarmentzekoa da adinekoek prozesu honetan izan duten egitekoa: rol aktiboa izan dute, eta beren denbora eskaini digute, ingurunea hobetzea beste interesik ez dutela. Haiena da, bai eta proiektuan lanean aritu diren pertsonena ere, proiektuak ekar dezakeenaren merezimendu eta esker on guztia. Haiekin batera lanean aritzeko eta ikasteko aukera eman izana eskertu besterik ezin du egin Deustuko Unibertsitateak.

Felix eta Martin.

Partekatu