Bidelagunak: Gizarte Ekintza Saila

LKaleak Lagunkoia planak sustatutako proiektu bat da, eta hainbat erakunderen babesa jaso du, horietan aritzen diren pertsona apartei esker. Gaurkoan, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko Almudena Esteberena Merinoren testu bat dakarkizuegu.

____

Udal gizarte zerbitzuek Donostia Lagunkoiak hasieratik sustatu dituen hainbat ekimenetan parte hartzen dute, Donostiako gizarteak, sistema (sozial) gisa eta beste sistema formal (osasuna) eta erdi formal (elkarteak eta beste) batzuekin batera, adineko pertsonei eta haien zaintzaileei eskaintzen dien zaintza eta babes hornikuntza osatzea ahalbidetzeko sareak eraikitzeko erronkan bat eginez.

Urte hauetan zehar, Gizarte Ekintza Saila ongi jabetu da koltxoi komunitarioa baliatu behar dela nahitaez hauskortasunari arreta emateko, batez ere nahi gabeko bakardadearekin, isolamenduarekin eta/edo gaixotasunarekin batera agertzen bada. Eta komunitate batek zaintza eman dezan, bertako kideek bizi duten eta hurrengo urteetan biziko duten errealitatearen kontzientzia hartu behar dute.

Urte hauetan Lagunkoiarekin batera izandako esperientzietatik ikasi dugu oso garrantzitsua dela prozesuetan laguntza ematea, komunitateak ezagutu eta onartu daitezen. Hauskortasunak esan nahi duenaz kolektiboki hausnartzeko espazioak partekatzea ezinbestekoa dela ikasi dugu; hauskortasuna zaintza jasotzeko aukera ematen duen “egoera” gisa hartuta, eta zaintza eman ahal izateko “egoera” gisa ere bai. Hauskortasuna hurbiletik ezagutu beharra dagoela ikasi dugu, identifikatu eta ekin ahal izateko, bai eta kozaintzak oinarrian dituen balioak zein diren eta keinu txikiek zer garrantzi duten ere. Kolektibo batek zaintza onaren ezaugarriak ordenatzen dituenean, zaintzaren oinarrizko ezaugarrien artean hauek agertzen direla ikasi dugu: ikustea eta ikusia izatea; ezagutzea eta ezagutua izatea; errespetuz eta adeitasunez tratatzea eta tratatua izatea.

Eta ikasketa hori eragile komunitario desberdinekin laguntzen aritu garen“ekimen” guztietan (besteak beste, beti Partaidetzaren eta APTESen eskutik) errepikatu da: adineko erretiratuen elkarteetan, zahar etxeetan zerbitzuak eskaintzen eta jarduerak aurrera eramaten dituztenak “zahar etxeen adiskidetasuna hobetzeko”; ELZko profesionalekin, “zaintza lagunkoien ezaugarriei buruz hausnartuz”; botiketan, “botika lagunkoiekin”; etab. LKaleaken bidez, prozesu horretan sakondu dugu, Egia auzoko komunitatea hausnarketa prozesu baten protagonista izatea erraztuz, erronka hori betetzeko lanean ari diren hainbat eragileren testigantzak biziz eta partekatuz.

LKaleaken nahia, besteak beste, komunitate bati bizitza eta auzotasun onerako zutabeak identifikatzen laguntzea zen, hauskortasuna, isolamendua edo energia falta bizi duten pertsonei protagonismoa emanez.

Udal Gizarte Zerbitzuek ekimena gidatu dute Udaletik, proiektuan hainbat modutan parte hartuz hurbiltasunaren eta rol profesional eta/edo arlo motaren arabera. Eguneroko, hurbileko eta gertuko maila bizienetik abiatu da, inguru horretan dauden profesionalek eskainitako zerbitzuekin, Plus 55eko dinamizazio taldearen (Maria eta Laur), eta batez ere, erretiratuen elkarteei laguntza teknikoa ematen dien profesionalaren (Begoña) eskutik. Profesional horiek dira, egiaz, konfiantzazko espazio eta harremanak sortu ahal izateko testuinguruak eman dituztenak, eta etorkizunean lantzen eta indartzen jarraitu beharreko loturak eta harremanak sortzen lagundu dutenak. Sistemako beste zerbitzu eta programa batzuek (Gizarte Zerbitzugunea, etxez etxeko laguntza zerbitzua, Goizaldiak, 80+ bisitak) esperientzia eta topaketa espazioak partekatu dituzte.

Horrez gain, LKaleakek balio izan du auzoak Txoko Berriren egoitza ezagutu ahal izateko, eta han sortu den klima laster Tabakalera alboan irekiko den Egiatarra Elkartearen lokal berrira eraman ahal izateko.

Nire ustez, ekimenean parte hartu dugun pertsonentzat esperientzia hau, zalantzarik gabe, pizgarria izan da maila pertsonalean, eta gure eguneroko ingurunean laguntzeko beharraz pentsarazi eta irakatsi digu; hortaz, indar eraldatzaile handia du. Arlo profesionalean eta ekintza komunitarioaren ikuspegitik, LKaleakek berretsi egin du babes komunitarioko sareak josteak dakarren erronka handia; izan ere, sare horiek lan artisau handia eta denbora eskatzen dute, bai eta berrikuntza, sormena eta elkarrenganako konfiantza ere.

Almudena Esteberena Merino

Gizarte Ekintza Saila

Partekatu