El comercio de Egia, un escenario comunitario

Egiako merkataritza, toki komunitario bat

Orain dela zenbait denbora, OnDoKo proiektuaz jardun genuen. Proiektu horretan, konfiantza harremanak lantzen dira Egia auzoan, antzerki eta dantza komunitarioaren bidez. Proiektu horren inguruan adin guztietako pertsonak batu dira, baina, batez ere, adin nagusikoak. Talde zoragarri horrek beti harritzen gaitu, eta haren azken proposamenetako bat izan da auzoko merkataritza tartean sartzea, lokalak agertoki inprobisatu bihurtu eta auzoaren zahartzeari buruz taldean landu dituzten gaietako batzuk ikusgai jartzeko.

Emanaldiak saltokietara eramateko arrazoia izan da gune horiek auzoko jendea konektatzeko nodoak direla, eta bizilagunen arteko harremanak sendotzeko funtsezko funtzio sozial bat betetzen dutela. Elkartzeko eta hitz egiteko tokiak dira, baina baita laguntzak eta mesedeak katalizatzeko tokiak ere. Toki horiek eragin handia dute adineko pertsonetan (eta ez hain adinekoetan); izan ere, haietako askok eskertzen dute harreman zuzena eta etxekoa izatea arreta ematen dieten eta bisitatzen dituzten pertsonekin.

Proposamenak oso harrera ona izan du, eta, hala, maiatzaren 9an eta 10ean, antzoki goxo bihurtu ziren auzoko hainbat denda eta farmazia. Antzoki horietan, interpretazio txiki batzuk antolatu ziren, auzoko adinekoak eta saltokietako profesionalak protagonista zirela. Antzerkia eta dantza tresna artistiko egokiak izan dira pertsonen artean loturak ehuntzeko.

Interpretazioak toki hauetan egin dira: Mendiaraz eta Valencia farmaziak, Kontxi mertzeria, Muñoa ile apaindegia, Calzados González eta Drunkat. Hona hemen “agertoki” bakoitzean gertatutakoaren “sinopsia”:

Calzados González. Egia kaleko saltoki horretako erakusleihoa etxe bateko egongela bihurtu zen. Han zegoen Carmen (82 urte), bere “egongelaren” ondotik igarotzen zirenei mezu hauek bidaltzen: “Kaixo! Aldameneko bizilaguna naiz, axola al dizu gaur nire zapatak izatea? Ekarriko didazu, mesedez, erosketa pareko harategitik? Eskerrik asko!” edo “Kafea nahi duzu? Sartu, gonbidatzen zaitut!”. Horrek interakzioa eragin zuen: jendeak ez zuen zalantzarik izan Carmenen erronkari eusteko.

Farmaziaz eta Valentzia farmaziak. Ordu batzuetan, botika berri bat aurkeztu zuten farmazia horietan: EGIA! Botika honek “azkar arintzen du auzoko ikusezintasuna eta oso eraginkorra da”. Eta oso gomendio argiak eman zituzten: “Hartu baraurik konfiantza pilula bat. Lagunduko dizu ikusten beti badagoela laguntzeko prest dagoen norbait”.

Kontxi mertzeria. Mertzeria hori familia saltoki bat da, eta hiru belaunaldik hartu dute parte negozioan. Hemen, ama-alabek maitasun handiz kontatu ziguten bide hori elkarrekin nola egin duten. Zoragarria izan zen haiei entzutea.

Drunkat. Musika denda honetan, ikuskizun interaktibo bat egin zen, jendeak Iñakiren proposamenetan parte hartu baitzuen; Iñaki, auzoko betiko musikari bat, esnatu egin zen, urte aaaaaaaskoan lo egon ondoren.

Muñoa. Ile apaindegi honetan, bi emakumek Pierre ile apaintzaileari eskatu zioten “osoko desorrazkera bat” egiteko! Izan ere, ikuspegia aldatu nahi zuten, eta burua aldatu, auzoan begirada irekiagoa eta aurreiritzirik gabea izateko hala”.

Bideo honetan ikus dezakezue esperientzia horien laburpen txiki bat. Eskerrik asko parte hartu zuten pertsona guztiei eta dendariei, ekimen hau halako maitasunez hartzeagatik. Eta, jakina, eskerrik asko elkarrekin igarotako une onengatik eta auzoan komunitatea eraikitzen jarraitzeagatik!

Partekatu