Egiako emakume anitzen topaketa: Dandai-ri omenaldia

Maiatzaren 7an, hainbat belaunalditako emakumeen topaketa bat egin genuen Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan, Dandai emakumeen elkarteari omenaldi bat egiteko, ateak itxi dituela eta. Topaketa horretan, Dandaiko emakumeez gain, Egia auzoko eta Donostiako beste talde feminista batzuek ere hartu zuten parte, hala nola: Egiako Neska Gazteak, Sorginak, Egia Bizirik, Ongi Etorri Eskolara, Kearen Artxibogileak edo Amher Sos Arrazakeria. Belaunaldi desberdinetako emakumeak, ibilbide eta bide desberdinak egindakoak bizitzan, denak ere inplikazio eta aktibismo feministak batuta. Topaketa hori Emakumeen Etxeko Ana Txurrukak dinamizatu zuen, eta han gertatutakoaz gogoeta egin nahi izan du gurekin.

____

Maiatzaren 7an, astearte arratsalde batean elkartu gara Tabakaleran Egiako emakume ezberdinak. 60 bat emakume egongo ginen, adin ezberdinekoak, jatorri ezberdinekoak, nortasun ezberdinekoak, etab.

Horrelako topaguneak sortzen ditugun bakoitzean  pozik ateratzen naiz…emakumeen artean egoten garenean, sinergia bereziak sortzen dira…. horrelakoetan parte hatu duzutenok ulertuko didazue.

Konfiantzazko, babesezko eta segurua den gune batean gaude… ez ditugu mugarik, ez lotsarik, ez murrizketarik horrelako espazioetan. Aske gara esateko eta sentitzeko nahi dugun eta behar duguna.

Ezinbestekoa da noizbehinka geratzea, arnasa hartzea eta beste emakume batzuekin nola gauden partekatzea. Horrek gure bizitza hobetzen du… eta azken finean hori da helburua ezta? Hobeto eta zoriontsuago bizitzea.

Feminismoetatik behin eta berriz esaten digute bizitza erdigunean jarri behar dela, bizitza sostengatzen dugula emakumeok eta lan hau gabe dena pikutara joango zela… ba bizitza erdigunean jartzeko eredu on on bat gure artean elkartzea eta arnasguneak sortzea da.

Egunerokotasunean bakoitzak bere esperientziatik baina denak diskriminazio eta injustiziak bizi behar ditugu (emakume etorkinak, arrazismoarekin, adineko emakumeak inbisibilitatearekin, gazte emakumeak festetako eraso sexualekin etab luze bat zoritxarrez)… milaka indarkeria hauei aurre egiten diegu egunero, bakoitzak dituen tresnekin baina emakumeok gure artean batzen garenean, eta gure ezberdintasunak errespetatzen ditugunean oso oso indartsuak gara, aurre egiteko tresna pila batetaz baliatzen gara.

Beraz, jarrai dezagun horrelako topaketak sustatzen, sortzen eta eragiten…elkartu gaitezen, entzun gaitezen eta babes gaitezen.

Ana Txurruka

Partekatu