Dublinen egon gara!

BA765 hegaldia hartu du LKaleakek, eta, Londresen geldialdi luze bat egin eta gero, Irlandako hiriburura iritsi da, Dublinera. SWSD 2018 izeneko Gizarte Lanari buruzko mundu kongresuan gure proiektua aurkeztea izan da bidaia honen xedea. Kongresua uztailaren 4, 5, 6, eta 7an izan da, eta munduko bazter guztietako jendeak hartu du parte.

Gure enbaxadorea, Martin, Deustuko unibertsitateko ikertzailea da, eta LKaleaken jarraitu dugun prozesua modu sintetikoan aurkeztu du: arrazoiak, helburuak eta ibilbide honetan lortutako mugarri handienak; azkenik, zenbait ikasketa labur. Oraindik asko dugu ikasteko eta are gehiago partekatzeko.

Donostian egiten ari garen lana aurkezteko aukera bikaina izan da esperientzia hau, bai eta beste herrialdeek gai beraren inguruan izandako esperientziak ezagutu eta horien inguruan ikasteko ere. Tailandia bezalako herrialdeetan gurearen antzeko proiektuak garatzen ari direla ikustea sorpresa bikaina izan da. Ikasi dugun guztiarekin gure jarduna hobetzen saiatuko gara.

Antza denez, Europatik kanpo ere interesekoa zaie erkidegoak arretan duen funtzioa. Bidaia honetan, Donostian eta Egian ilusio handiz lanean ari garela harro erakusteaz gain, bide honetatik jarraitzeko indarra hartzeko aukera ere izan dugu. Aurrera darraigu!

Argazkia: SWSD 2018 Dublin Ireland RDS

Partekatu