Bidelagunak: APTES

Lagunkoia planak sustatutako proiektu bat da LKaleak, eta hainbat erakunderen babesa jaso du, horietan aritzen diren aparteko pertsonei esker. Gaur, APTESeko Adriana eta Esterren testu bat dakarkizuegu. Biek modu proaktiboan eta pasio handiz hartu dute parte hala koordinazio saioetan nola lan saioetan, proiektuan zorroztasuna eta maitasuna jarriz.

_________________

Euskadiko hainbat arlotako jendeak bazuen halako kezka bat teknologia –gailuak, aplikazioak, garapen sofistikatuak… teknologia “gogorra” deitzen duguna– gizarte arazoei begira jarri eta arazo horiek konpontzeko bitarteko gisa erabiltzeko, eta kezka horren ondorioz sortu zen APTES. Duela 15 urte baino gehiago izan zen hori. Tarte honetan, proiektu zehatzetan lan egiteak ematen duen esperientzia oinarritzat hartuz eboluzionatu dugu, eta gaur badakigu gizarte erronkak konpontzeko beharrezkoa dela teknologia gogor eta bigunek (gizarte zientziek eta zientzia humanistikoek dakartzatenak) proposatzen dituztenen antzeko tresnak izatea. Horretarako, ordea, gizarte diseinu bat egin behar da lehenago.

Baina zer da gizarte diseinu delako hori? Gizarte diseinuak pertsonei, komunitateei eta erakundeei eragiten dieten hainbat berrikuntza dakartza, hiru alderdi hauetan: harreman moduak, baliabideen kudeaketa eta elkarrekiko balioa trukatzea. Helburua da gizarte aberastasuna handitzea, hau da, hein berean areagotzea kultura, ongizatea, konfiantza, jasangarritasuna, jakintza eta ekonomia.

LKaleak ekimenaren helburua, hain zuzen, harreman moduak aldatzea da; kasu honetan, Egiako laguntza sareak eratzen dituzten edo eratu nahi dituzten edo era ditzaketen pertsonen arteko harreman moduak aldatzea. Hori dela eta, Donostia Lagunkoiari eta Deustuko Unibertsitateari LKaleak egitasmoa sortzen laguntzen hasi ginenetik, haren barruan txertatu ditugu Gizarte Diseinuaren Eskola ekimenaren bidez garatzen joan garen printzipioak eta tresnak.

Gizarte diseinuaren printzipioez ari garela, Sei Hiriburu Sozial da denetan garrantzitsuena. Horren bidez lortu nahi duguna da gizarte aberastasuna sei alderdi hauetara eramateko prozesu izatea LKaleak proiektua: ongizatea, kultura, jakintza, ekonomia, jasangarritasuna eta konfiantza, denek ere antzeko garrantzia dutela. Hau da, prozesuaren bidez sei aktibo sozial horiek modu harmonikoan areagotzea lortu behar du LKaleak proiektuak. Ezertarako ez du balio prozesuak ongizatea sortzea baina kultura suntsitzea; edo ekonomia indartzea baina pertsonen arteko konfiantza ez areagotzea. Beraz, garrantzitsua da proiektuaren behin betiko diseinua atera aurretik diseinu hori hobetu ote daitekeen ikustea, aipaturiko sei aktibo sozialetan gogoeta partekatu bat eginez. Ebaluazioak jarraitua izan behar du ekimenak irauten duen bitartean.

Gizarte diseinuaren tresnei dagokienez, LKaleak proiektuan bi erabili ditugu, batez ere: IEPA eta Balio Balantza. Lehena, IEPA (Informatzen/Ebaluatzen/Probatzen/Onartzen), LKaleak ekimenean parte hartzen duten egiatarren arteko “kutsatzea” zenbat areagotu den neurtzeko tresna da. Izan ere, harreman moduak aldatu egiten dira horien berri izan ondoren (informatzen), horien erabilera aztertu ondoren (ebaluatzen), probatu ondoren (probatzen) eta erasandako profil guztietako pertsonen egunerokoan sartu ondoren (onartzen). Bigarrena, Balio Balantza, tresna baliagarria da pertsona eta erakunde bakoitzak LKaleari ematen dion balioa eta LKaleak haietako bakoitzari ematen diona orekatuta dagoela bermatzeko, denboran zehar iraungo duen zaintza sare bat izateko ezinbesteko baldintza gisa.

APTESentzat, gizarte diseinuaren printzipio eta tresna horiek LKaleak proiektuan erabili ahal izatea eta talde eragileko gainerako pertsonekin partekatu ahal izatea oso aukera ona izaten ari da hori dena hobetzen eta zabaltzen jarraitzeko, Gizarte Diseinua ekimena hedatzeko ezinbesteko betekizun gisa.

Adriana eta Ester.

Partekatu