Beste leku batetik

Ekainaren 14ko ostegunean egin zen, Tabakaleran, LKaleak egitasmoaren azken sorkuntza saio partekatua. UBIK Sorkuntza Liburutegiak gela bat utzi zigun, gune intimo bat prestatu eta saio introspektibo bat egiteko LKaleak egitasmoan. Izan ere, bertaratutakoen gorputzak izan ziren saio horretako erdigunea.

Gorputzari entzungo baldin badiogu, ezinbestekoa dugu geldialdi bat egitea. Erraz egin beharreko zerbait izan behar luke, baina ez dugu geldialdiak egiteko ohiturarik. Azkar bizi gara gaur egun, eta ekintza ia iraultzailea da eguneroko bizitzaren abiadura handi hori etetea eta geldialdi bat egitea.

Lkaleak gustuko ditu erronkak, eta, saio horretan, beren gorputzari entzuteko eskatu genien bertaratu zirenei. Dinamika batzuk abiatu genituen, gorputzari adierazten uzteko. Galdera batzuk egin genizkien, eta mugimenduaren bidez galdera horien erantzuna bilatzeko eskatu genien. Gorputzari entzuten hasi ziren, arretaz aditu zituzten beren gorputzen esanak eta sentipenak, eta ikuspegi berri horretatik, ezagutza emozionalak, intuiziozkoak, azaleratu eta partekatu zituzten, eskuzabal, gainerako parte-hartzaileekin. Pertzepzio eta sentsazio berriak sortu ziren, eta informazio baliotsua eskuratu zen prozesuan.

Besteak beste, honako galdera hauek landu genituen:

-0 eta 10 bitarteko eskalan, nola baloratzen ditugu Egiako auzoaren laguntza-sareak eta auzotarrek elkarri ematen dioten laguntza eta zaintza?

-Egoera horretan, non kokatzen duzu zeure burua?

-Zer baztertu eta zer eskuratu behar dugu komunitate amestu/desiratu hori gauzatzen hasteko?

Galdera horiei emandako erantzunetan, “elkarrekikotasuna”, “kalteberatasuna”, “konfiantza” eta beste kontzeptu batzuk aipatu ziren, eta nabarmendu zen gertutasuna sentitu behar dugula, auzotasunak garrantzia duela, berriro elkartu behar dugula, babesa sentitu behar dugula, adi egon behar dugula, irribarretsu, elkartzeko guneak sortu behar ditugula eta zubiak eraiki behar ditugula “auzokide berriengana” iristeko, egoera kalteberan dauden adineko pertsonengana iristeko bideak topatu behar ditugula, eta lasterka egiteari utzi behar diogula, astiro ibili eta inguruko pertsonei begiratzeko… Hauek baztertu behar ditugu: “aurreiritziak”, “errutinak” eta “indibidualismoa”.

Hausnarketa horiek eta beste batzuk egin ziren saio horretan, eta bertan izan ziren gurekin hasieratik izan diren pertsona asko: Laura, Plus 55-ekoa; Begoña, SSI-koa; Isabel, Valencia farmaziakoa; Pilar, Conchi eta Antxoni, Dandai-koak; Caritaseko Jokin; Izaskun eta beste batzuk. Baina izan genuen jende berria ere, zeresan handia duten eragile hauen ordezkari: La Paz egoitza eta eguneko zentroa, La Familia Cuidadora, Nagusilan, Proyekta Urbes, Mendiaraz farmazia, Frantziskotarren parrokia, Egiatarra… Gozagarria izan zen elkarrekin hausnartzea.

Partekatu