Donostia Lagunkoia talde eragilearekin batera berpentsatzen

Apirilaren 17an, LKaleak-en parte hartzen ari ziren pertsona eta eragile batzuk saio monografiko bat izan zuten Donostia Lagunkoiaren Talde Eragilearekin. Gaia: Zer paper du komunitateak eta komunitarioak adineko pertsonen bizi kalitatea eta bizimodu ona hobetzeko orduan bakardadea, isolamendua, gaixotasuna, hauskortasuna edo ahuldadea azaltzen denean.

Donostia Lagunkoiaren Talde Eragilea 25 pertsonaz osatuta dago, ezagupen, esperientzia eta ikuspegi askotako pertsonaz. Gehienak, adineko pertsonak dira, eta badira beste batzuk Donostia Lagunkoiak jarduten duen alor bateko edo gehiagotako profesionalak direnak.

Lehen esan dugun saio monografiko hori Udalaren Musika Eskolan izan zen, eta 50 pertsona eta eragile baino gehiago bildu zen, Donostian adineko pertsonei babesa eta zaintza eskaintzen dieten ekimenak garatzen inplikatuta dauden pertsonak eta eragileak.

Zorroaga Fundazioko Pablo Garciak eta Nagusilaneko Jesus Mari Zalduak egin zuten hasierako gogoeta saioa, Talde Eragilekoak dira biak ala biak ere, eta handik aurrerako eztabaida galdera hauen inguruan izan zen:

Gaur egun Donostian laguntza eta zaintza behar duten adineko pertsonak:

zein ari da pertsona horien kargu egiten eguneroko bizimoduan haien hurbileneko inguruan? Zeienek ematen die laguntzaren bat? Nola egiten dute? Zer hutsune ikusten dugu?

Bizimodua aldatzen ari da, asko eta azkar aldatzen ere. Bizilagunen eta auzotarren arteko harremanak aldatzen ari dira:

Zer arazo sor daitezke bihar-etzi laguntza sare horietan? Zer egin behar genuke arazoei aurre hartzeko? Zer egin dezakegu eguneroko bizimoduan pertsonen arteko elkartasunari eusteko eta handitzeko?

Lantegi hartan izan eta zabaldu ziren gogoeta haiek denek elikatu egiten dute LKaleak prozesua, bere baitara bildu eta kontrastatu egiten baititu prozesu horrek auzoko inguru zehatzetan.

Partekatu