Amets kolektibo bat sortzeko elkarraldia, maketak eta helburuak

“Zaurgarritasuna berrikuntzaren, sormenaren eta aldaketaren iturburua da”. Brené Brown Estatu Batuetako soziologoaren esaldietako bat da, oso aproposa iruditzen zaiguna joan den larunbatean Lkaleak-en izan genuen bileraren kontakizunari hasiera emateko.

Maiatzaren 19an bilera bat egin genuen, bigarrena, Egiako auzotarrentzat, auzoko eragileentzat eta adinekoentzat irekia, osatu nahi luketen komunitatearen inguruan dituzten ametsak partekatzeko: komunitate horretan adinekoak integratuta daude, aintzat hartuak izaten dira eta, gainera, auzotarrek elkarrekin harremanak dituzte, eta elkar zaintzen dute.

Horretarako, ametsen zirkulua egin genuen, segurtasunezko eta konfiantzazko inguru batean. Bertan, gonbit egin genien partaideei desiratutako komunitate hori dela-eta dituzten beharrak, nahiak eta balioak (indibidualak nahiz kolektiboak) partekatzeko. Partaideen zirkulu handian, pertsona bakoitzarentzat garrantzitsua zena partekatu genuen, zinezkotasunez. Eta, horretarako, adorea behar da, bai eta norberaren zaurgarritasuna erakusteko prest egotea ere. Hogeita bost lagunek parte hartu zuten eta, denon artean, hirurogeita hamar amets partekatu zituzten! Geroxeago, amets kolektibo hori orainaldira ekarri genuen, eta komunitatea jada errealitatea balitz bezala hitz egiten hasi ginen. Horrela, energia eta motibazioa areagotu ziren. Hona amets horietako batzuk:

Komunitate honetan…

espazioak daude (lekuak eta mementoak), hitz egiteko, entzuteko…”

  konfiantza dago, lagundu ahal izateko eta laguntza jaso ahal izateko”

elkarrekiko errespetu adeitsua dago

gure bizipenak aditzera eman ditzakegu, baliagarriak garela sentitzeko

elkarren izenak ezagutzen ditugu eta elkarri deitzen diogu”

festak egiten ditugu bizilagunekin”

pertsonei begira bizi gara, elkarrekin bizi gara, etiketa politikoak eta erlijiosoak albo batera utzita, eta elkarrekiko gure begirada maitasunean oinarritzen da”

nork bere zaurgarritasuna aitortzen du”

Ametsak adierazi eta gero, hiru partaide, Jokin, Pilar eta Iñaki, etorkizunera bidaia egitera animatu ziren, denok amestutako komunitate hori ikustera, sentitzera, bizitzera, taldeari kontatu ahal izateko han gertatzen zen guztia. Eta itzuli zirenean, berek irudikatutako historia dibertigarri eta hunkigarriak, inprobisatuak, antzestu zituzten guretzat!

Gero, bi talde egin genituen. Bata, komunitate horren prototipoa egiten hasi zen, eskuekin, sormena baliatuta, material desberdinak batuz, bertaratutako guztien artean amestutako komunitate hori irudikatzeko. Bi maketa egin zituzten eta haietan islatu zituzten komunitateak izan behar zituen gauza garrantzitsuak (lotura, batasuna, jolasa, zaintza, maitasuna, dibertsioa…).

Aldi berean, bigarren tadean, plano arrazionalean lan egin zuten, komunitateak hurrengo sei hilabeteetarako ezarri behar zituen lehen helburuek zein izan behar zuten planifikatzeko eta, hala, amets partekatu horren bila joateko oinarriak jartzen hasteko. Hona helburu nagusietako bi: bata, auzotarrekin elkartzeko espazio komunak sortzea eta bestea, indibidualagoa, pertsona bakoitzak auzoko beste pertsonekin inplikatzeko jarrera izatea, komunitatean ikusi nahi duguna praktikan jartzen hasteko.

Hona talde dinamikak sortzeko oinarri izan dugun metodologia nagusia: Dragon Dreaming.

Partekatu