Adinekoak komunitatea eraikitzen

Joan den ostegunean, urtarrilaren 31n, Dandai Elkartearen lokalean bildu ginen, eta eragileei azaldu genien zer ekimen ari garen sustatzen pertsona nagusiekin Egian, auzokideen artean loturak eta harremanak ehuntzeko eta ahulezia egoeran diren pertsonak zaindu eta lagunduko dituen komunitate bat sortzen laguntzeko.

Ekimen horietako batzuen helburua da adinekoak eta auzoa artearen bidez elkartzeko aukerak sortzea. Praktika artistiko horiek erakutsi, partekatu, eraldatu… egin nahi dute, eta aktiboki entzutea eta beste ikuspegi batzuetatik begiratzea dakarte. Artea, beraz, tresna bat da, harreman dinamikak aldatzeko aukera ematen duena, komunitate hurbilago eta sendoago bat eraikitzeko elkarraraztea eta konplizitateak sorraraztea bilatzen duena.

Proiektu horietako bat OnDoKo da, komunitatearekin egiten den antzerki-dantza proiektu bat, Egiako kultur etxeak Mafalda Saloiorekin abian jarri duena. Antzerki-dantza-mugimendu lantegiak antolatuz, auzokoak elkartzea eta haien artean afektu, lotura eta elkarrekikotasun eta elkartasun sareak sortzea sustatzen du.

Naiara Palaciosek Focus aurkeztu zuen. Proiektu hori, Udaleko Gizarte Ekintzaren Zuzendaritzak bultzatuta, Egiatarra erretiratuen egoitza berrituan eramaten da aurrera. Helburua da espazioa beste begirada batetik aztertzea, eta horretan eta harreman dinamiketan eragitea, gauzak egiteko beste modu batzuen bidez.

Berrituzko hezitzaile Davidek ELKAR-EKIN proiektuaren berri eman zigun. Tabakalerako Bitartekaritza Saila da proiektu horren buru, eta helburua da belaunaldien arteko topaketak sustatzea, jarduera artistikoen bidez adin desberdinetako pertsonen arteko ikaskuntza eta ezagutza bultzatzeko. Kasu honetan, eguneroko bizitzan nola janzten garen eta geure burua nola agertzen dugun da langaia. Arroparen inguruko saio horiek, egiaz, auzoko pertsonak elkarrarazteko modu bat dira; horixe da, izan ere, proiektuaren helburu nagusia.

Beste ekimen interesgarri bat “Auzoko istorioak ehuntzen” da. Proiektu horren buru Ana María eta Itziar dira, Nuestra Señora de la Paz egoitzakoak. Proiektu horrek proposatzen duena da auzoko kontuei buruz hitz egiteko elkartzea, eta auzoaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz jardutea. Orain, adibidez, Joxean Jauregiren liburua ari dira lantzen: “Egia Gure Auzoa”.

Udaleko Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Sorkundek Erlauntzaren bilerez hitz egin zigun. Bi hilean behin, profesional talde bat elkartzen da, konfiantza handiko harremanak sortzeko eta horren bidez zerbitzuaren helburuak eta batzen dituen xedea hobetzeko: Egian bizi diren pertsonen bizi kalitatea sustatzea, mantentzea edo hobetzea, batez ere adinekoena, baina ez haiena bakarrik. Izan ere, nahiz eta profesional asko aritzen diren eguneroko lanean hurbileko zerbitzuetara jotzen duten pertsonak orientatzen, informatzen eta zaintzen, askotan ez dute astirik elkar ezagutzeko eta zer zerbitzu edo jarduera antolatzen ari diren edo programatu nahi diren jakiteko. Hori dela eta, Erlauntzak erraztu egiten du osasun zentroetako, kulturako, gizarte eta kirol zerbitzuetako, farmazietako edo zahartze aktiboko programetako arduradunen arteko topaketa, eta horren bidez sortzen diren loturek pertsonen osasuna eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute.

Era berean, EHU-UPVko Arkitektura Eskolako ikasleak Egia auzoan aritu dira lanean hilabete hauetan, ikasketa planaren barruan egin behar dituzten ariketa praktikoen esparruan, auzoko ekipamenduari eta espazio publikoari buruzko azterketa eta proposamenak egiteko. 2018ko azaroaren 16an azaldu zuten egindako lanaren lehen emaitza, kultur etxean egin zuten aurkezpenean. Aurkezpena oso inspiragarria izan zen.

Eta Udalaren Datuen Behatokiak proposamen berritzaile bat dakarkigu. Oraindik diseinatze fasean badago ere, helburua da komunitateari entzuteko plataformaren lehen eredua garatzea Egian, LKaleak proiektuaren esparruan, orain dauden eta gerora izan daitezkeen informazio iturri ugariak lotzeko eta, hala, hirian lantzen ari diren herritarren narrazioak (pertzepzioak) identifikatzeko. Izan ere, modu horretara hobeto ulertu ahal izango dugu etengabe eraldatzen ari den errealitate konplexu hau.

Ekimen horien ardatz nagusia da Egian elkartzeko aukerak sortzea, auzoko pertsonen eta entitateen artean harremanak ehuntzeko, elkar hobeto ezagutzeko, elkar ikusteko, izenez agurtzeko, bizitza elikatzeko, adina edozein dugula ere elkarlanean aritzeko zer aukera ditugun identifikatzeko eta auzoa egiten jarraitzeko; modu horretara, behar besteko konfiantza sortuko dugu bizilagun bati zerbait eskatzera edo harengandik mesede bat jasotzera ausartzeko eta gure ingurunerik hurbilena hobetzeko. Eta horretan jarraitzen dugu.

Eskerrik asko Dandairi, elkartearen ateak irekitzeagatik eta Pilarren bizkotxo izugarriarengatik!

Partekatu